XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2 EUSKO AUTONOMI ELKARTEKO IBAIAK

Puzzle hauetako piezaren bat eraldatzen bada, eragina multzo osoan nabarituko da noski, eta ez soilik ibaian behera, baita ibaian gora ere. Gainera, uholdeen ondorioak larriagoak izan daitezke.

Uholdeak aldian behin gertatzen dira gure lurraldean, isurialde kantauriarrean bereziki.

Ibaiak gainezka egitean, arazo larrienak hiri eta herriguneetan ematen dira, gehienetan ibaiaren inguruan pilatuta daudelako, zenbait kasutan udalerriak bata bestearen jarraian daudelarik.

Kontuan izan behar dugu gure iharduerak ibaiaren dinamika naturalaren eraginpean dagoen lur eremuan antolatzen baditugu, lantzean behin ibaiak sustoren bat edo beste emango digula.

Horixe da hain zuzen 1983ko abuztuan isurialde kantauriarrak ezagutu zuen uholdean gertatu zena. Ondorio latzenak Bilbo Handiak jasan zituen; egun haietako eurijasa amaigabeaz gain, beste izaera bateko faktoreek ere izan zuten zerikusirik gertaera honetan:

- Ibaiaren inguruko lurzorua zenbait erabileratarako ustiatzen dugunean, batzuetan ibilgua bera estutzen dugu eta honek, urak altuera handiagoa hartzea eta korrontearen abiadura handitzea eragiten du. Hurrengo oztopora heltzerako uraren indarra handiagoa izango da. Baliteke aipatutako oztopoa giza eraikuntza bat izatea.

- Gauza berbera gertatzen da bideraketekin; uraren bidea oztopatzen ez dutenez, urak, ibaian behera doan heinean gero eta abiadura handiagoa hartzen du. Tarteren bat bideratzen denean, inguru horretan uholdeen eragina txikiagoa izatea lortzen da kasu gehienetan. Hori bai, hortik beherako tartea indar handiagoz astinduko du urak.

- Ibaiak gainezka egiten duenean, lautada alubialak bokalearen funtzioa betetzen du.

Lautada horretan dauden herri eta hiriek uholdeari eusten diote, baina arazoa ez da desagertzen, ibaian behera dauden inguruetara lekualdatu baizik.

Behealdean, hainbat puntutatik datozen ibaiak elkartzen diren kasuetan, hondamendia izugarria izan daiteke ibaiak urez gainezka datozenean.

Bilbon, horixe gertatu zen. Herri eta hiri inguruetan, arrunta da ibaia kale, etxe, fabrika eta eustormen artean itota egotea eta ibaiertzeko landarediarik ez izatea. Horren ondorioz, arriskua are eta larriagoa da.

- Zenbait lekutan altuera baxuko zubiek urari eusteko balio izan dute hasiera batean.

Baina zubiak ur eta buztin tona mordoari eutsi ezin dionean apurtu egiten da eta ura indar handiz erortzen da beheragoko lurretan, kalteak eraginez.

Faktore fisikoen eta biologikoen araudiari dagokionez, ibaiertzeko berezko landarediarekin erlazioa gordetzen duten legeetan sakondu egin beharko litzatekeela deritzogu.

Izan ere, ibaiertzeko landaredia garrantzi handikoa da; lurzorua babestu, higadura galarazi eta uholdeak ekiditen dituela eta egiten duen itzala garrantzi ekologiko handikoa dela frogatua dago.

Ibaiertzak babestu nahi baditugu, oso garrantzitsua da hauek, lurzoru putzutuetara moldatzen diren hosto erorkorreko zuhaitzez eratutako ilara batez inguratuak egotea eta, inguruetako koniferoen landaketak ibaiertzeraino iristea ahal den neurrian ekiditea.

Ilara horiek 30 m-ko zabalera izatea eta, zuhaitzez bakarrik osatuak egon ordez, zuhaixkez eta landare belarkarez aberastea da egokiena. Azkenik, ibaiak inguru estu eta sakonak zeharkatzen dituen lekuetan, ezpondak egokitu beharko lirateke.

2.5. IBAIAK KULTURAREN IKUSPEGITIK

Jadanik hainbat aldiz aipatu dugunez, gizakiarentzat baliabide iturri oparoa dira ibaiak eta beraz, aintzinatik ustiatu izan dira. Zenbait herrialdek ura eskuragarri izateko sistema sofistikatuak garatu zituzten.